Tertangako Ubiros Errota konpontzeko auzolandegiak antolatu ditu Gazteria Zuzendaritzak

(Iturria: Aiaraldea.com)

This slideshow requires JavaScript.

Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritzak espainiar estatu mailako gazteentzat zuzendutako Auzolandegien Programa aurkezten du urtero, eta oraingoan, Tertangan (Arrastaria) gauzatuko da horietako bat. Auzolandegi honetan, hain zuzen, gazteen laguntzaz Ubiros Errota berreraikitzea da helburua. Herrigunetik 15 minutura ibilian kokatuta dagoen errota, alegia.

Goizetan, auzolandegiko partehartzaileak boluntarioki errotaren berreraikitze lanetan arituko dira, Amurrioko udaleko zuzendaritza teknikoarekin batera. 10:00-13:30 bitartean egongo dira gazteak lanean eta, besteak beste, lur eremuan dauden sastrakak eta ibai bazterretan pilatutako hondakinak garbituko dituzte, ondoko baratza eta larraina atondu, ur-bidea ireki… edota bisitarientzako ibilbideak egokitu. Errotan bertan, kanpo zein barruko hormen pikatu beharko dituzte, teilatuaren konponketan lagundu edota ogia egiteko labe bat (tokiko sistema tradizionalaren arabera) eraiki.

Gazte Aukera atarian argitu dutenez, “gazteak taldeka banatuko dira, egin beharreko lanen arabera. Hala ere, bakoitzaren interes eta nahiak kontuan hartuko dira taldeak egiterakoan eta lanak banatzerakoan”.

Arratsaldez aisialdirako ekintzak

Arratsaldeko programazioan ere beraien iritzia, interesak eta nahiak ere kontuan hartuko dira. Ekintza batzuen artean egon daitezke honakoak:
• Amurriora bisita.
• Urduñako hiribildu historikora bisita.
• Lendoñobeiti errotara bisita.
• Tertangako bolatokian, bolo txapelketa.
• Amurrio eta Urduñako jaiak.
• Bizikleta ibilaldia.
• Mendi irteera: Nerbioi ibaiaren jaiotza, Delika, Gorobel Mendizerra, Maroñoko urtegia, …
• Aresketamendi energia berriztagarrien parkera bisita.
• Urduñako eta Amurrioko hainbat elkarteekin batera antolatutako tailerra: dantza tailera, mermeladak egiteko tailerrak…

Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Kirol Zuzendaritzarekin harremanetan jartzeko aukera egongo da 945 01 95 01 edo 945 01 95 36 telefono zenbakien bidez edota gazteria-auzolandegiak@ej-gv.es helbide elektronikora idatziz.

Auzolandegian izena eman baino lehenago, adierazi dute, komenigarria dela auzolandegietako arauak ezagutzea.